Hemen zaude: Hasiera Programak Santiago Onaindia beka

Santiago Onaindia beka

Santi OnaindiaAmorebieta-Etxanoko Udalak lehenengoz 1989an atondu zuen Santiago Onaindia ikerketa beka, euskal idazle eta ikerlari handiaren omenez. Euskal literaturaren arloan ikerketa sustatzeko asmoz sortu zen eta arlo hori lantzen duten aztertzaileei zuzenduta dago.

Halatan ere, beharrok ez zuten argirik ikusi 1995era arte. Urte hartan jo zuen Udalak Labayru Ikastegira eta, ordurik hona, elkarlanean jardun dute bi erakundeek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

2005az geroztik Ametx erakunde autonomoaren bidez  egiten du Amorebieta-Etxanoko Udalak deialdia bi urterik behin.

Bekak 9.000 euroko zuzkidura dauka, eta urtebetekoa izaten da lana burutzeko epea.

 

 

Orain arteko bekadunak

Honakoak dira gaurdaino argitaratu diren lanak:

Jon Kortazar: Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza. 1995.

Liburu honetan gerra-aurreko aldizkari biotan agertu ziren olerkien eta olerkigileen azterketa egin da, euron bizitzaren eta lanaren berri emanez eta obraren azterketa literarioa eginez.

Aita Santi Onaindia Beka-1989

Roberto Mielgo Merino: Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza (1958-1964). 1995.

Eusebio Erkiagak gerra ostean egin zuen eleberri-lan nagusia. Liburu honetan 1958-1964 urteen artean argitara eman zituen lanon azterketa literarioa egin zen.

Aita Santi Onaindia Beka-1991

Iñigo Aranbarri - Koldo Izagirre: Gerraurreko literatur kritika (1930-1936). 1996.

Lan honetan euskal idazle eta kulturgileak gerra zibilaren aurretxoko urteetan, egunkarietan eta aldizkarietan, euskal literatura zela eta, agertu ziren iritzi eta eztabaiden berri ematen da.

Aita Santi Onaindia Beka-1993

Aitzpea Azkorbebeitia Aldaiturriaga: Joseba Sarrionandia: irakurketa proposamen bat. 1999.

Aitzpeak Joseba Sarrionandiaren idazlanen gainean ikerketa egin zuen Harrera Teoriaren ikuspegitik aztertuta. Bai poesiak, bai prosako lanak kontuan hartuta, idazleak darabiltzan estrategiak eta emaitza literarioak sakon eta zehatz azaldu zituen egileak.

Aita Santi Onaindia Beka-1997

Mari Jose Olaziregi: Euskal eleberriaren historia. 2002.

Mª Jose Olaziregik lan honetan ikertu zuen, eleberria generoaren historia euskal literaturan, hastapenetarik XX. mendearen amaierara arte.

Aita Santi Onaindia Beka-1999

Oscar Alvarez Gila - Alberto Irigoyen Artetxe: Isla Malako haritza. Ignazio Argiñarena Otsotorena bertsolariaren bizitza eta lanak (1909-1997). 2007.

Errazkindar hau, gerra zibilean, 'nazionalen' bandoan ibili zen Lácar Tertzioan, errekete. Gerraren esperientziak injustizia eta soldaduen manipulazioa erakutsi zizkion. Arazo ekonomikoak behartuta, 1950ean Uruguayra emigratu zuen. Bertsolaritzari ekin zion bertan, eta beraren lana bildu dute liburu honetan egileek.

Aita Santi Onaindia Beka-2003.

Idurre Alonso Amezua: Euskal literatur sistema eta literaturaren didaktika aztergai. Idazle, kritikari eta irakasleen iritziak teoria komunikatiboen argitara. 2008.

Euskal literatur sistemaren ikuspegi orokorra, Euskal Herriko hogeita hamalau idazle eta kritikariren iritziak oinarri hartuta. Euskal literaturaren didaktikarako hurbilketa. Ikasleei zuzendutako galdeketen eta ikas materialaren azterketa abiapuntu izanik, euskal literaturaren irakaskuntzaren egoeraren deskribapena XXI. mendearen hastapenetan.

Aita Santi Onaindia Beka-2005.