Ondarea Hasierara

Aurkezpena

Lan honek eta antzekoak beti behar dabe azpiegitura bat. Eta, azpiegitura atontzeko, laguntzak derrigorrezkoak izaten dira.

Baneukan gogoa gure herriko euskera ezagutzeko. Inguruetako herrien antzekoa da: badaukaz atal interesagarriak, eta beste atal batzuetan hutsuneak eta galerak agertzen dira. Baina, batez bere auzoetan eta ahal izan daben eran, asabengandik ikasitako euskera erabili izan dabe. Eta holan gorde izan dabe, ez eskolaren ez irrati-telebistaren euskarririk ezagutu barik, eta ez bestelako euskarririk barik, pertsona bakotxa euskarri zala, eurena zalako, euren nortasunaren ezaugarri nagusi hau gorde gura ebelako.

Herriko etnografiaren inguruan zeozer batuta daukat, neure nortasuna eta herriko nortasuna ezagutzeko asmoagaz eginda. Bide hori ez neban berez hartu. 1954an, nire baserriko berbeta horrek baeukala gramatika bat eta idatzi eta erabili behar zala erakutsi eustan El Carmelo ikastetxean Sebastián Lejarza Gorostizak, hau da, Aita Eliseok. Bere nagusi batzuk hartutako erabakia pozik bete eban gugaz. Ganera, orduan inork aitatzen ez ebazan giza-eskubideen esparrura eroan ginduzan bere eta bere nagusien jokaera horrek. Urte asko geroago konparaketak egiten hasi nintzen, eta orduan konturatu nintzen gauza honeetaz. Eta pedagogia hori askoz aurreratuagoa eta gizatiagoa zala, San Isidroko auzo eskolan 4-6 urte lehenago euki genduna baino. Euskeraz egiten gendunean, maistreak “hable en cristiano” esaten euskun. Eta mutiko batzuen sorbaldak berotu be bai, euskeraz egiteagatik.

Lanaren zati hau hasteko bultzadatxoa EKIN enpresak emon eustan. Izan be, Iñaki Azkuenaga jaunak eta zuzendaritza taldeak erabaki eben laguntza txiki bat eskeintzea prestakuntza lanerako. Gero, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura sailean aurkeztu neban egitasmoa, eta eurek herriko udaletxeari proposatzea pentsatu eben. Eta udaletxeak onartu egin eban. Udaletxeen zeregina industri esparruak sortzea da. Edo herrirako ura ekartea, eta kaleak konpontzea, eta parkeak eraikitzea: herritarren bizitza maila hobetzea. Baina herriaren ondasun ez materialak gordetzea eta sustatzea be bada Udaletxeen zeregina.

Hemengo berbetearen gomutapena jaso eta gorde gura izan dot. Egia esateko, lan hau lehenengo maila bat da bakarrik. Beste maila asko behar dira herri honetako euskeraren irudi oso samar bat burutzeko. Herrian ia % 90a euskalduna zaneko gomutapenaren zatitxo bat jaso dot hemen, eta herrian topau dodazan lehenagoko euskal lagin batzuk be erantsi dodaz. Izan be, gure aurretikoen ekarria be gogoratu behar dogu, zelan halango jarraipen bat egon dala gogoratzen deuskue eta. Danak ez dira zornotzarrak idatziak, baina bai herri honetako esparruan topau dodazanak.

Lan hau egiteko, laguntzaile batzuk be izan dodaz. Gotzone Bilbao eta Larraitz Uriartek itaunketaren zati batzuk batu deustiez lekukoen ahotik. Baina horreek danak nik berrikusi behar izan dodaz eta, gehienetan, osotu be egin behar izan dodaz. Gogoratu behar dot adibide guztiak lekukoengandik jasota dagozala. Ordenagailuan gauza batzuk idazteko, Carmen Blancasen laguntza euki dot. Testo zaharrak idazteko, Peilo M. Ezkerrak lagundu deust. Eta ordenagailuan hau dana dotore ipintzeko, Azterlan laboratorioko Julián Izaga jaunak ateak zabaldu deustaz, eta Silbia Martinez eta Samantha Trejo bertako langileen laguntza eskeini. Ana Uriarte Euskerazaleak taldeko kideak idazki osoari forma txukuna emon deutso. Euskerak iraupenik gura badau, euskaldun guztien laguntza beharko dau, ama hizkuntza euskera dabenena eta, euskera jakin barik be, euskera onartzen daben guztiena. Hemen agertzen diran adibide eta testo guztiak neure iraztontzitik pasatu dira eta, beraz, neu naz lan honen alderdi onen eta ez hain onen arduraduna.
 

 

Dokumentuak

Pertsonaiak

Gertakizunak

© 2009 Amorebieta Etxanoko Udala - iametza interaktiboak garatuta

Laguntzailea: EKIN S. KOOP.

CSS | XHTML | WAI-A